Ikus-entzunezko sorkuntza eta arte digitala dira Beatriz Sánchezen ibilbidearen ardatz nagusiak. Baliabide tradizionalak erabiltzen ditu praktika artistikoan, hala nola marrazkia eta eskultura, eta bideoarekin, baliabide digitalekin eta zuzeneko emanaldiekin nahasten ditu.
Esperimentazioa eta “akatsa” bere lanaren parte dira. Izan ere, prozesu libreak, inprobisazioa, magia, umorea eta desordena dira bere lanaren ezaugarri.
2025ean hasi zuen egonaldia Azkuna Zentroan, Babestu programaren esparruan, Fórmulas de Cinética Doméstica proiektuarekin. Artisau-laneko proiektu honek ez ditu alde batera uzten animazioa eta mugimenduan dagoen irudia, baina bertan eskuekin lan egiten du berriz, bere iruditeria aske utziz.
“Fórmulas de Cinética Doméstica [3]” proiektuan, ikerketa- eta esperimentazio-laborategi bihurtu nahi du lan-espazioa, eta artefaktu eskultoriko mekanizatu batzuk egin. "Pieza mugikor hauek motorrak, bideo-proiekzio txikiak, eguneroko objektuak eta irudiak dira, eta mihiztadura dinamikoak (automatak) eratzen dituzte, itxuraz bizitza propioa dutenak", azaldu du artista bisualak. "Lo-tech artefaktuak dira, dekadenteak eta poetikoak, eta hainbat elementu hauskor kulunkatzen dituzte mekanika trakets batean", deskribatu du.
Irudiak sortzeko, zeramikak, material organikoak, hondakinak, testura bioplastikoak, tramankuluak eta aurkitutako lauzak erabiltzen ditu. "Ezohiko eta denboraz kanpoko aztarna arkeologiko eta teknofosiletan inspiratuta daude, gurearen antzeko zibilizazio baten amaiera gogora ekartzeko fikziotik; izan ere, zibilizazio hori lauso agertzen da, “higadura kontziente” bat izan ondoren".
"Niretzat orain beharrezkoa da bizi naizen hirian proiektu artistiko bat garatu ahal izatea; Azkuna Zentroko ehun artistikoan sartzeko eta aurretik lan egin dudan tokiko artistekin lankidetzan aritzeko", adierazi du Beatriz Sánchezek.
Egonaldia amaitu ondoren, ikerketa- eta esperimentazio-laborategia ikusgai egongo da, eta artistak hitzaldi performatibo bat egingo du prozesu sortzaileari buruzko xehetasunak azaltzeko aktibatutako tresna guztiekin batera.