Isabel de Naveran komisario eta idazlea "Uhina gogoan" proiektua lantzen ari da 2021eko otsailetik.
“Uhina gogoan” idazketa kuradoretza-modu gisa hartzen duen ikerketa-eremua. Arreta berezia jarriz gorputzaren pertzepzioan, zentzumen sentsorial eta intelektualen lokailua den aldetik, proiektuak idazketa bat entseatunahi du, aldi berean entzuteko gailu eta ikerketa-metodologia dena: saiakerako idazketa, sentsuala, sentikorra, fisikoa eta materiala.
“Uhina gogoan” proposamenak Ursula K. Le Guinen The Wave in the Mind. Talks and Essays on the Writer, the Reader, and the Imagination (2004) liburuaren jatorrizko izenburutik hartu du izena. Gaztelaniaz Contar es escuchar. Sobre la escritura, la lectura, la imaginación izenburuaz argitaratua.
Jatorrizko titulua –The Wave in the Mind– aukeratzeko, Virginia Woolfek Vita Sackville-West poeta, idazle eta lorategi diseinatzaileari 1926an bidalitako gutun batean oinarritu zen Le Guin. Gutunean, idazketan erritmo egokia aurkitzeak duen garrantzia azpimarratzen du Woolfek. Prozesu horrek eskatzen du behaketa-modu sentikor batean kokatzea fisikoki. Woolfek olatu isil baten mugimenduarekin alderatzen du, zeina itsas zabalean, ozeanoaren erdian hasi, eta pixkanaka itsasertzerantz hurbiltzen baita. Idazten duenaren zeregina, bere ustez, olatu horren mugimendua hautematea da, hurbiltzen, apurtzen eta apar moduan finkatzen den bitartean. Dioenez, soilik orduan sumatu ahal da hitzen azpian dagoen erritmoa.