MENÚ

Mabi Revuelta Bilbon jaio zen 1967an. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 1990ean lortu zuen lizentzia.

Harrezkero, erregulartasunez erakutsi du bere lana, Estatuko eta nazioarteko galeria, arte-zentro, azoka eta museoetan. Aldi berean, artista plastiko gisa jardun du, irakaskuntzan eta artearen pedagogia berriei buruzko ikerkuntzan. 2000tik 2003ra arte, New Yorken bizi izan da, eta International Studio & Curatorial Program-en osatu du bere prestakuntza, Marcelino Botín Fundazioak 2003an emandako bekari esker.

2016 Gure Artea Saria irabazi du, bere sorkuntza-jardueraren aitorpen gisa, eta erakusketak egin ditu erakunde hauetan: Guggenheim Museoa, Bilbo; ISCP, New York; Beijingo Cervantes Institutua, Txina; Tokioko Cervantes Institutua, Japonia; Museo Erotikoa, New York; Artium Museoa, Vitoria-Gasteiz; TEA Museoa, Tenerife; Azkuna Zentroa, Bilbo; La Casa Encendida, Madril, eta BilbaoArte Fundazioa. Haren azken bi banakako erakusketak Artium Museoan (Jostailu hautsezinak, 2015) eta BilbaoArte Fundazioan (Amets fotomontatuak, 2019) izan dira.

BBVA Fundazioaren Leonardo Beka jaso du 2016. urtean, Akromatikoa garatzeko, artistak Azkuna Zentroan duen banakako erakusketa honi titulua ematen dion proiektu argitaragabea.

Logo Ayto
Logo AZ footer