"Platea" estreinatu zenetik bi urte igaro ondoren, Tripak hasia da bere proiektu eszeniko berria zirriborratzen, "ENCOUNTERS" (behin-behineko izenburua). Sorkuntza-prozesuaren zati bat Azkuna Zentroan izango da 2025ean, arte biziak sortzen laguntzeko Lanean programaren esparruan.
Arte eszenikoen euskal konpainiak aurreratu duenez, “ENCOUNTERS” proiektuak "toki “xarmagabeei” begiratzen die, horietan aurkitzen baititugu bazter utzitako giza zirrikituak, grisak baina basatiak. (…) Barnealde ireki batean kokaturik gaudela, itxuraz xarmarik gabeko objektu pertsonalek galdua dute beren funtzioa kanpoan egoteagatik, eta, hondakin bihurtuta, apaingarri dira ezezagun baten logelan, zeinak harrera egiten digun bere intimitatean, sekula begiratu gabe".
Azkuna Zentroko egonaldiak lan berri horren ernamuinean du abioa, eta taldekideek amets egiten dute imajinatutako leku baten inguruan. "Hortik abiatuta asmatzen ditugu obraren gainerako elementuak, eta material horiek pixkanaka osatzen dute eszena, mugitzen ari den koadro bat balitz bezala", azaldu dute.
Aurreko lanen ildotik, pieza honekin proposatzen duten "antzerkiak aldi berean fresko eta sakona den esperientzia eskainiko du". Horretarako, modu aske eta esperimentalean erabiltzen ditugu adierazpen-baliabideak, esekidura eta aurkikuntza bilatuz". Ildo horretan, Lanean programako egonaldia "aukera bat da arte eszenikoen lengoaiak dituen baliabide askotarikoetan sakontzeko".