Entzumenak, ikusmenak eta ukimenak zeharkatzen dituzte Inés García artista eta zinemagilearen instalazio, eskultura eta film esperimentalik berrienak. El tacto del contacto, bere proiektu berria, hizkuntza filmikoa eta erakusketa-gunean duen kokapena garatzen dituen ikerketa bat da.
Horrela, alde batera uzten ditu aurreko lanetako kontakizun handiak eta paisaia ezatseginak eta, aurretiaz ezarritako gidoirik gabe, hurbiltasunaren eta sinpletasunaren bila abiatzen da zuhur. Aldi berean, erakusketa-gunean ikus-entzunezko piezak erakusteko zailtasunaren ondorioz, berezko moduak proposatzen ditu bere lana kubo zuriaren barruan erakusteko.
2024an hasi zuen lana, eskuz sortzeko prozesuak filmatzen, hala nola egurrezko bolo bat, tarta esferiko bat eta farfailezko brodatu bat; eta lehen “proiekzio-kabina” garatu zuen Diego Sologuren arkitektoarekin batera. 2025ean, handitu eta sendotu egingo dira Azkuna Zentroan Babestuko egoiliar gisa egon ondoren.
“El tacto del contacto” proiektuan, artista kamera analogikoarekin murgiltzen da "eskuz gauzak egiten jakite horretan, non mugimendu errepikakor eta erritmikoek elkarrizketa isila erakusten duten denborarekin eta materiarekin". Irudien edizioa ulertzen du "begirada erne egonik, irudiarekin izandako enkontrua ukimenera egindako hurbiltze modura, ukitzen den gisa ikusten eta entzuten den edizio-lan bezala". Azken helburua da “proiekzio-kabina” berri bat sortzea, berariaz diseinatutako film-piezetako bat ikusteko.
Gainera, bere egonaldian, kamerarik gabeko zinema-tailer bat eta zinema hedatuko performance bat koordinatuko ditu.
"Erakusketa-espazioetan mugitzen ari den irudiaren etorkizuna zalantzazkoa da", hausnartu du Inés Garcíak. Horregatik uste du garrantzitsua dela "ber-pentsatzea entzuleen zeregina, baita pantailaren mugak eta erakusketa-espazioarenak berarenak ere".
Ildo horretan, honako hau nabarmentzen du: "proiektua Azkuna Zentroa – Alhóndigan garatzeak aukera ematen dit Bilbon egin dudan ibilbidea sendotzeko eta nire lana era askotako entzule askori erakusteko.